Lorategi Disidentea
Lorategiaren kontzeptuak aldaketa ugari jasan ditu mendeetan zehar, hasieran funtzionalagoa, ondoren estetikoagoa eta nobleziaren pribilegioen menpe, eta XIX. mendearen erdialdetik aurrera, klase sozial aberats berri baten erakusle. Esan beharra dago baita ere, zerbait etengabe mantendu dela denboran, boterearen irudia izan da beti. Eskema mendeetan zehar errepikatu da, sortu den tokia, herrialdea edo lurraldea edozein izanda ere.
Ikerketa honen helburua gure gizarteari buruz zerbait ikasteko proposamen bat izan daiteke. Lorategien ibilbidea aztertzea da proiektu honen ardatz nagusia, eta hainbat gogoetatan oinarritzen da. Gutxi ikertutako baliabidea izanik, lorategia, edozein artelan eta beste edozein giza ekoizpen bezala, sortu zenetik komunikatzeko elementu ere izan da, eta gizarte eta garai desberdinen ezaugarrietako batzuk aztertzeko aukera ematen du.
Premisa horietatik abiatuta, iragana eta egungo jarduera aztertuz, gureganaino heldu diren lorategiaren “mapa” bat egingo dugu, etorkizuneko erronkei erantzuteko.
Azken 200 urteetako emaitzak ikusita, beste era batera aztertu eta lan egitea dagokigu, gaur egun dauden ingurumen arloko programa eta erronka berriak kontuan hartuta. Gizakiaren ingurunea eraldatzeko gaitasuna hain handia denez, planetaren funtzionamendua zuzentzen duten ekuazio ia guztiak desorekatzen ari dira. Gure diziplinetako “errito” errotuenak krisian jartzeko proposamenak aztertzea dagokigu. Gure metodologia gehienak zaharkituta daudela ulertuta, beste era batera aztertu eta landu behar ditugu, gaur egun ditugun ingurumen-programa eta -erronka berriak kontuan hartuta.
Gizakia bera edo bere unibertsoa ez den beste guztiarekin erlazionatzeko modua aztertu behar dugu; Nola, zergatik eta zertarako eraldatzen dugun ingurumena krisian dago, lorategiaren kontzeptua bera barne. Beharbada, diziplina horrek erakutsiko digu, oso modu zehatzean, zer harreman dugun naturarekin, zenbateraino manipulatzen dugun mundua gure helburuak lortzeko, zer balio ematen diogun gure inguruneari. Munduarekiko dugun posizioaren argazki zehatza izan daiteke.